Luis Miguel Arconada Echarrik, Donostia, 1954. Real Sociedadean garatu zuen futbolaren arloko ibilbide profesional guztia. Laurogeiko hamarkadan lau titulu lortu zituen talde loriatsuaren kapitaina izan zen atezain txuri-urdina. Arconada Lengokoaken hasi zen jokatzen, 1970ean Realarekin fitxatu zuen arte. Sansen hiru denboraldi eman eta gero, 20 urte zituela igo zen lehenengo taldera eta 1975ean egin zuen debut ofiziala, UEFAko Kopan, Liverpoolen aurkako partidan.
551 partida jokatu zituen elastiko txuri-urdinarekin, 1974 eta 1989 bitartean. Bi liga irabazi zituen, eta baita Errege Kopa bat eta Superkopa bat ere, nazioarteko atezainik onenetarikoen artean kokatuz. Hiru Zamora Garaikur lortu zituen, txapelketan gol gutxien jaso zituen atezaina izateagatik.
Nazioarteko jokalari izan zen 68 bider, Espainiako selekzioarekin. Argentina 78 eta Espainia 82 Munduko Txapelketetan parte hartu zuen, eta baita 1980 eta 1984ko Eurokopetan, zeinetan Europako txapeldunorde izan zen. 1976ko Montrealeko Joko Olinpikoetan ere parte hartu zuen.
Luis Arconadak Errealaren Urrezko eta Brillantezko Intsignia jaso zuen, lehenengo taldean egindako kirol-ibilbidearen hamar urteengatik. Gainera, Kirol Merezimenduaren Errege Ordenako Urrezko Domina eta Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina ditu.