#KORNERFESTIBALA
Javier Aizpurua
Javier Aizpurua

Javier Aizpurua Iriazabal

Javier Aizpurua Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) ikerketa irakaslea da Donostiako Materialen Fisika Zentroan, zentro mistoan (CSIC-UPV/EHU), eta "Nanofotonikaren Teoria" taldeko arduraduna da bertan.

1998an lortu zuen Fisika Zientzietako doktoretza Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), elektroi azkarren eta nanoegituren elkarreraginari buruz. Doktoretza egin ondoren, doktoretza ondoko bi egonaldi egin zituen Suediako Göteborgeko Chalmers Unibertsitate Teknologikoan eta AEBetako National Institute of Standards and Technology (NIST) delakoan. Donostia International Physics Center-era batu zen 2004an, Fellow ikertzaile gisa, eta han hasi zen nanofotonikaren teoria taldea osatzen. 2008an, CSICeko ikertzaile postua lortu zuen, Materialen Fisika Zentroan, eta bertan garatzen du bere jarduera ordutik.

Aizpuruak nanoeskalan argiaren eta materiaren arteko elkarreragina aztertzen du, nanoantena metalikoen erantzun optikoan eta nanoeskalako efektu kuantikoetan arreta berezia jarriz. Bere ekarpen garrantzitsuenen artean, espektroskopia eta mikroskopia molekular ugaritan kitzikapen optikoak ulertzea ahalbidetu duten eredu eta kalkuluen garapena dago. 200 bat artikulu argitaratu ditu Nanofotonikaren esparruan, gai horri buruzko 10 doktore-tesi zuzenduta, eta arlo horretako erreferentziazko ikertzaileetako bat da.