#KORNERFESTIBALA
Joan Manuel Serrat
Joan Manuel Serrat

JOAN MANUEL SERRAT

Joan Manuel Serrat 1943an jaio zen, Bartzelonan. Musikan lehen urratsak unibertsitateko hiru ikaskiderekin egin zituen, haiekin talde bat osatuta. Haiek animatuko zuten bakarka abestera. Nova Cançó mugimenduan sartu zen, Els Setze Jutges taldean, herri musikaren eremutik hizkuntza eta kultura katalana berreskuratzearen alde ziharduen kolektiboan. Bere lehen abestiak arrakastatsu bihurtu ziren, eta 1967an Serrat fenomenoak Espainia osora jauzi egin zuen, katalanez abestuz. Urte haren amaieran, gaztelaniaz egindako lehen diskoa grabatu zuen.

Serraten dimentsio publikoa hazi zelarik, 1968ko Eurovision jaialdian parte hartzeko hautatu zuten, baina lehiaketa baino egun gutxi batzuk lehenago uko egin zion abesteari, katalanez ezin bazuen egin. Frankismoarekin izan zuen lehen pultsua hedabide ofizialetan jarri zioten betoarekin itxi zen; telebista publikorako debekua bost urte baino gehiago luzatu den. Hurrengo urteetan, Serratek katalana eta gaztelania tartekatuz ekoitzi zituen bere kantuak –horien artean “Mediterraneo” nabarmentzen delarik–, olerkiak musikalizatuz.

Antonio Machadori eta Miguel Hernandezi eskainitako diskoek bultzada handia izan zen poeta horien lana zabaltzeko, denbora askoan testu liburu ofizialetatik kanporatuta egon baitziren. 1975ean, Mexikon zegoela, eta frankismoaren aurkako bost borrokalariren fusilamenduak zirela eta, Serratek «heriotza zigorra eta ezarritako indarkeria ofiziala erabat arbuiatzen» zuela adierazi zuen, eta, ondorioz, estatuburua iraintzeagatik prozesu bat ireki zioten Espainian, Mexikon erbesteratzera behartu zuena.

Espainiara itzulitakoan, harrera jendetsua egin zioten Bartzelonako aireportuan, eta berak Bartzelonako auzoetan kontzertu sorta bat eskainiz erantzun zuen.

Serratek aspaldi deskubritu zuen Amerika, eta Amerikak Serrat deskubritu zuen, bere burua Bartzelonako latinoamerikar gisa aitortzeraino. Sortu zen loturak erbestera eraman zuen berriro, baina alderantziz, Ameriketatik kanpo, Txile, Uruguai eta Argentinako erregimen militarrei aurre egiteagatik, eta ez zen herrialde horietara itzuliko urte batzuk igaro arte, bakoitzak demokrazia berreskuratu zuen arte. Txileko Santiago Estadio Nazionalean eta Buenos Airesko Kongresuaren plazan 1990ean emandako kontzertuak historikoak dira. Eta Latinoamerikarekin duen identifikazioa “El Sur también existe” diskoan islatuta geratzen da, Mario Benedetti poeta uruguaitarraren bertsoekin. Esker oneko omenaldia, marka ezabaezina utzi zioten jende eta herrialdeei eskainia.

1996an “D’un temps d’un país” aurkeztu zuen, Nova Cançóko gaien bilduma pertsonala, mugimenduari eta bere kideei omenaldi gisa.

Jarraian “El gusto es nuestro” diskoaren bira luze bati ekingo zioin, Ana Belen, Victor Manuel eta Miguel Rios bidelagun zituela, eta 2016an errepikatu zuten esperientzia, arrakasta haren hogei urteak ospatuz.

Kantautorea inoiz baino hurbilago agertzen den proiektu batekin itzuli zen agertokietara, “Serrat 100×100”, non, bere gitarra eta Ricard Mirallesen pianoarekin bakarrik, kantuen ikuspegi intimo eta esentziala erakutsiz, ondorengo urteetan hainbat biratan errepikatuko zuen formularekin, “Mô” (2006) diskoaren grabazio eta kontzertuen birarekin txandakatuz; hori da orain arte egin duen azken lana, katalanez.

2007an, “Dos pájaros de un tiro” bira hasi zuen, Joaquin Sabinarekin agertokia, abestiak eta txantxak partekatuz. Arrakastak 2012an esperientzia errepikatzera eraman zituen, “Dos pájaros contraatacan” lanarekin, eta hortik sortu zen “La orquesta del Titanic”, lau eskutara idatzitako abesti berriekin.

Lehenago, 2010ean, 1972ko bere lanaren haria berreskuratu zuen, eta Serratek Miguel Hernandezen beste olerki sorta bat musikatu zuen, “Hijo de la luz y de la sombra” izenburupean, poetaren jaiotzaren mendeurrena gogorarazteko, idazlearen figurari buruzko ibilbide bizi eta poetikoa proposatzen duen ikuskizun monografiko bat aurkeztuz.

2015ean, katalanezko eta gaztelaniazko 300 abesti baino gehiagoren egileak musikaren lanbidearekin betetako urrezko ezteiak ospatuko zituen, lan antologiko batekin, non 50 abesti berrikusi eta berriro grabatu zituen. Urte horretan bertan Ohorezko Grammy Latinoa eman zioten.

Omenaldiak ondoz ondo iritsiko ziren: “Mediterraneo” abestia azken berrogeita hamar urteetako Espainiako abestirik onena aukeratu zuten herri bozketa bidez, eta, 2018an izen bereko diskoa agertu zeneko 50. urteurrenari aurrea hartuta, Serrat “Mediterraneo da capo” izenburu homonimoarekin garatutako bira batean murgildu zen, «hasierara itzuli» esan nahi duen musika terminoa erabiliz; 2019ko erdialdera arte luzatuko zen bira, eta, tartean, Joaquin Sabina konplize eta aspaldiko adiskidearekin, beste koska bat estutu nahi izan zuten, eta, “pajaru” parea elkartuta, hegan irten ziren, berriro ere, hirugarren ikuskizun batekin, “No hay dos sin tres” izenburupean, urte hartako azaroan Buenos Airesen abiatu zuten tourrean. Zoritxarrez, ezin izan zuten bira osatu, Sabinak istripua izan zuelako Madrilgo WiZink Centerren, 2020ko otsailaren 12an.

2021eko abenduaren 2an, Serratek bere itzulera eta... agurra iragarri zituen. “El vicio de cantar” bira luzearekin esan zien agur agertokiei, 2022ko apirilean New Yorkeko Beacon Theatren hasi eta Bartzelona jaioterrian amaituta, urte bereko abenduan, Palau Sant Jordin eman zituen bi kontzertu hunkigarrirekin. Harrezkero, aitortza ugari jasotzen jarraitzen du, ibilbide paregabe baten isla. Eta zer den gogoratzen jarraitzen du: “Sinceramente tuyo”.