Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoak Korner Festibalaren zazpigarren edizioko hirugarren ekitaldia jaso du gaur arratsaldean. Osasun mentala izan da gai Nagusia eta bertan Aihen Muñozek, Carla Suarezek eta Markel Alberdik luze eta zabal eztabaidatu dute Uxue Otxoa (psikologoa) moderatzailearekin.
Aihen, Realeko futbolaria eta jardunean dauden hiru protagonistetatik bakarra, "osasun mentala guztiaren oinarria" dela ziurtatu du. Gainera, haurra zenetik maila gorenera iritsi arte izandako esperientzia kontatu du: "Kategoriak eskalatzen dituzu eta konturatu gabe edozertarako prest zaude. Xehetasun onen berri emateari utzi eta gozamena joaten zaizu kontrolatu ezin dituzun faktoreetan". Azkenik, errendimendu handiko kirolari izateak suposatzen dion presioari aurre egitea nola lortu zuen ere kontatu du: "Nire motxilan harriak sartzen nituen, jendea zoriontsu egiteko helburuarekin ateratzen nintzen zelaira, eta hori ez dago nire esku; benetako helburuetara aldatu nintzenean berriro presio gutxiago sentitu nuen”.
Carla Suarezek, 2021ean erretiroa hartu zuen tenislariak, adierazi duenez, "gaizki zaudenean gozatzeari uzten diozu eta sufritzen hasten zara”. Carlak bere kirol ibilbidean zituen amets edo erronkei buruz ere hitz egin du: "Edozer egiteko prest zaude zure ametsa lortu arte, prozesuaz gozatzen duzu, baina erronka txikiak jartzen jarraitu behar duzu, bidea errazteko". Osasun mentalak tenisa uzterako orduan nola eragin zuen ere kontatu du: "Erretiratzea erabaki nuen, zirkuitutik kanpo barruan baino zoriontsuago nengoela konturatu bainintzen, gozatzeari utzi nion. Nire helburuak eta ametsak lortuak nituen, eta nire bizitzako etapa hori amaitzea erabaki nuen".
Bestalde, Markel Alberdi igerilari ohiak adierazi duenez, "nire emozioekin beste era batera erlazionatzen ikasi behar nuen". Markelek ere gaizki pasatu zuen, eta hala adierazi du: "Asko gozatu dut, beti gehiago exijituz, baina beti muga bat dago, nire buruak gehiago ezin nuela esan zidan une batean". Bere erretiroaz hitz egiterakoan ere ireki da: "Mentalki gaizki nengoen, Joko Olinpikoen ondoren erabaki nuen ez nengoela ondo eta orduan hartu nuen erretiratzeko erabakia”.
Zorionez, gero eta maizago eta normaltasun handiagoz hitz egiten dugu gai honetaz. Izan ere, osasun mentala, bakoitzari gertatzen zaigunaz hitz egitea, gure egunerokoan dago. Eta horregatik gureekin adieraztea ohitura bihurtu beharko litzateke. Errendimendu handiko kirolariek ere, gaur Korner Festibalaren ekitaldi honetan egon direnek bezala, sufritu egin dute gai honekin eta bakoitzak bere ikuspegitik jakinarazi du.