#KORNERFESTIBALA
2020ko otsailak 19
1.600 ikusletik gora izan dira antolatutako ekitaldietan

Donostia Kulturak eta Real Sociedad Fundazioak antolatutako Korner jaialdiaren hirugarren edizioaz gozatzeko aukera izan da otsailaren 9tik 15era bitartean. 2018an hasi zenetik, jaialdia erreferentzia bihurtu da kirol nagusiak diziplina artistikoekin eta eztabaida sozialekin dituen loturak aztertzeko orduan.

Kornerrek publiko guztientzat pentsatutako programa zabala eta diziplina anitzekoa eskaini du eta kulturako eta futboleko izen nabarmenak izan dira bertan: Manuel Vilas, María Botto, Benjamín Prado, Manu Lareo, Santiago Cañizares, Jose Luis Garci, Maddi Torre, Roberto Olabe, Imanol Agirretxe, Luis Chillida, Mikel Alonso edo Judith Jauregui, besteak beste.

Ernest Lluch Kultur Etxea eta Antzoki Zaharra izan dira jaialdiaren egoitzak eta 1.600 pertsona baino gehiago bildu dira, solasaldiez, proiekzioez, bakarrizketez, antzerkiaz, bertsoez eta erakusketez gozatzeko.

Korner hilaren 9an, igandean, hasi zen Antzoki Zaharrean Realak eta Athletic Clubek elkarren aurka jokatzen duten bakoitzean antolatzen den Bertso Derbi tradizionalarekin. Oraingoan hitzaurre dibertigarria izan zuen ekitaldiak jaialdiaren eskutik: Monologolak, Zuhaitz Gurrutxagak, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik antzeztutako monologoak umore klabean.

Astelehenean, hilaren 10ean, Ernest Lluch Kultur Etxean antolatutako hiru solasaldietako lehena izan zen eta bertan talentua izan zuten eztabaidagai: zer den, nola landu, nola eraman bikaintasunera. Javier Aizpurua zientzialariak, Maria Botto aktoreak, Judith Jauregi pianistak eta Roberto Olabe Realeko egungo futbol zuzendariak talentua jorratu zuten euren diziplina eta esperientzia pertsonaletatik.

Asteartean, hilak 11, jaialdiko une garrantzitsuenetako bat iritsi zen: Antzoki Zaharrean Keeper dokumentala proiektatu ondoren, Santiago Cañizares eta Jose Luis Garci atezainaren figuraz mintzatu ziren, agian literaturan eta poesian lilura gehien eragiten duena.

Korner 2020ko beste hitzordu indartsu baterako prestatzeko modurik onena izan zen. Hurrengo egunean, Ernest Lluch Kultur Etxean, hilaren 12an, Manuel Vilasek eta Benjamin Pradok poesiaren eta futbolaren arteko harreman biziari buruz egin zuten hitz, non, hain zuzen ere, Rafael Albertiren "Oda a Platko" lanean nabarmentzen baita atezainaren figura.

Lehen ediziotik, Korner ez da arduratu bakarrik kulturaren eta futbolaren arteko loturak esploratzeaz, baita konexio horiek sustatzeaz ere, sorkuntza proiektu berriak babestuz. Aurten, jaialdiak Borobil Teatroa konpainiaren El Txiringo antzezlana ekoitzi eta estreinatu du, gaur egun oso modan dagoen kirol kazetaritza mota jakin baten parodia. Ostegunean, hilaren 13an, Anartz Zuazuak zuzendutako eta Joseba Apaolazak, Asier Hormazak eta Asier Sotak antzeztutako proposamen bihurri eta dibertigarri hau eskaini zuen Antzoki Zaharrean.

Ostiralean, hilak 14, Korner Ernest Lluch Kultur Etxera itzuli zen "Futbolariak: bizitza futboletik kanpo" mahai-inguruarekin. Erretiroa hartutako Imanol Agirretxe eta Mikel Alonso futbolariak eta Manu Lareo eta Maddi Torre Realeko emakumezkoen lehen taldeko jokalariak entzuteko aukera paregabea izan zen, baita euren eguneroko esperientziaz eta futbolaz duten ikuspegiaz eta gizartean duen eraginaz hitz egiteko ere.

Larunbatean, hilaren 15ean, Kornerrek hirugarren edizioari amaiera eman zion bi proposamenekin. Ernest Lluch Kultur Etxean Eidabe konpainiaren Futbolariak eta printzesak haurrentzako antzezlana ikusteko aukera izan zen, topiko sexistak apurtzea helburu duen komedia.

Agurra leku pribilegiatuan iritsi zen: Chillida Leku Museoan. Atezainaren figura jorratu duen edizio batek ezin zuen utzi pasatzen Eduardo Chillidaren obrak futbolarekin duen harremanaz hitz egiteko aukera. Jakina denez, artista donostiarra Realeko atezaina izan zen gaztetan. Esperientzia horrek arrasto sakona utzi zuen Chillidaren espazioaren kontzepzioan. Horri buruz hitz egin zuten Luis Chillidak, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko presidenteak, Fernando Golvanok, irakasle eta arte komisarioak, eta Eusebio Leranozek, Realeko atezain ohia eta ondare eta kultur kudeaketan adituak.

Solasaldiaren aurretik, Chillida Lekutik barnako ordubeteko bisita gidatua egin zuten, aurrez izena eman zuten 80 pertsonek.

Azkenik, ez da ahaztu behar Kornerren baitan, Etxe txuri-urdinak erakusketa inauguratu zela Ernest Lluch Kultur Etxean, Realak sorreratik izan dituen hainbat joko-zelaietan oinarritua. Erakusketa martxoaren 14ra arte bisita daiteke.

Hirugarren edizio honetako solasaldi guztiak jaialdiaren www.korner.eus webgunean eta YouTube-n izango dira eskuragarri, baita gonbidatu batzuei grabatutako Korner galdetegiak ere, euren futbolarekiko ikuspegi pertsonalak jasotzen dituztenak.