Korner, Kultura & Futbol Festibalaren hirugarren edizioa historia da dagoeneko. Ia ehun pertsona bertaratu dira gaur arratsaldean Chillida Lekuko Museora, eta bisita gidatu bat egin dute Eduardo Chillidaren obra bakoitza ezagutzeko. Bisita hori izan da hirugarren edizio honetako azken hitzordu nagusia. Bisitaren ondoren, bertaratutakoek solasaldi batez gozatu ahal izan dute, eta bertan parte hartu dute Luis Chillidak, Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioaren presidenteak, Fernando Golvano, irakaslea, kritikaria eta arte komisarioa, eta Eusebio Leranoz, Realeko atezain ohi eta ondare eta kulturan aditua, Chillidaren lanak futbolarekin dituen loturei buruz eztabaidatu dute.
Bestalde, haurrek ere euren tartea izan dute hirugarren edizio honetan. 'Futbolariak eta printzesak' antzezlanak arratsaldea alaitu du Ernest Lluch Kultur Etxera hurbildu diren txikientzat. Eidabe taldearena da antzezlana, Galder Perezek zuzentzen du eta Jon Zubiaga eta Olatz Pagalday ditu protagonista bezala. Haur eta gazteentzako komedia azkarra, topiko sexistekin hautsi nahi duena. Esketx moduko eszena laburretan zehar, parekidetasunean bizitzea zailtzen duten egoerak umorez agerian utzi dituzte, antzerki jolasa eta musika lagun dutela.