#KORNERFESTIBALA
2020ko otsailak 03
Korner-ek 2020ko egitarau osoa aurkeztu du

Kultura eta futbola berriro uztartuko dira otsailaren 9tik 15era Donostian izango den Korner, Kultura & Futbol Festibalaren hirugarren edizioan.

Korner Ernest Lluch Kultur Etxeak bultzatutako proiektua da, Donostia Kulturak eta Real Sociedad Fundazioak batera antolatua, eta errege kirolaren eta hainbat diziplina artistikoren artean gero eta estuagoak diren harremanak aztertzen ditu.

Eta ez hori bakarrik, jaialdiak berak ere, sorkuntza sustatzearen aldeko apustu sendoa egiten du berriro ere kulturaren eta futbolaren artean zubiak ezartzen dituzten hainbat proiekturekin.

Horrela, otsailaren 9an, 14:00etan, Reale Arenan jokatuko den Realaren eta Athleticen arteko partida dela eta, Antzoki Zaharrean egingo den Bertso Derbiaren hitzaurretzat, jaialdiak bi bakarrizketa programatu ditu, bereziki ekitaldirako sortuak, eta umorez landuko dute futbolaren eta bertsolaritzaren arteko pikea. Zuhaitz Gurrutxaga da horietako baten egilea eta antzezlea, eta Onintza Enbeitak bi ahotsetarako bakarrizketa idatzi du Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairentzat.

Aipatzekoa da, baita ere, Donostia Kulturarekin koprodukzioan eta Korner jaialdiarentzako espreski sortua izan den Borobil Teatroaren antzezlan berri baten estreinaldia: El Txiringo. Anartz Zuazuak zuzendua eta Joseba Apaolazak, Asier Hormazak eta Asier Sotak antzeztua (duela urte batzuk Jokoz kanpo sortu zuen lan talde bera), egungo kirol solasaldien parodia da El Txiringo.

Kornerren ekoizpena da baita ere Etxe txuri-urdinak erakusketa, MBR Erakusketak eta Koma enpresek diseinatua Realaren Museoaren laguntzarekin. Erakusketak ibilbide bat proposatzen du Realaren joko zelaietan zehar, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte, azkenean gauzatu ez ziren proiektuak ere ahaztu gabe.

Kornerren hirugarren edizio honek eztabaidak, zinema eta literatura ere eskainiko ditu. Talentua bikaintasunera nola iristen den aztertu, futbolaren eta poesiaren arteko harremanez hitz egin eta Chillida Leku bisitatuko da, Realeko atezaina ere izan zen artista donostiar bikainaren obran futbolak izan duen eragina gogoratzeko.

Hain zuzen ere, atezainaren irudia, agian futboleko poetikoena eta literarioena, izango da hainbat jardueretako ildo nagusia aurtengo edizioan, publiko guztientzat pentsatutako programa batean kulturako eta futboleko izen nabarmenak bilduko dituena.

Jaialdiko jarduera guztiak, El Txiringo obra izan ezik, doakoak dira edukiera bete arte. Chillida Lekun programatutako jardueran beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Ekitaldi hauei buruzko informazio guztia gure AGENDAN eta ETA KORNER-REN ERE atalean eskura daiteke.

Jarrai ezazu festibala sare sozialetan #kornerfestibala @donostiakultura @realsociedad