#KORNERFESTIBALA
2019ko otsailak 07
Acento Robinson-ekin farrezka arratsalde pasa

Acento Robinsonekin genuen hitzordua edizio honetako garrantzitsuenetarikoa izango zela bagenekien, baina bota genituen farre algarak, horiek bai izan zirela sorpresa.

Bixio Gorriz, Errealeko defentsa ohia, izan zen arratsaldeko lehen sorpresa. Humore biziz eta kontakizunez gainezka, talde txuri-urdinean izandako ibilbideaz eta garai bateko eta oraingo futbolaz solasean hasi zen Robinsonen taldearekin. 599 zenbakia, jokalari irundarrak jokatutako partida ofizialak, programako gai nagusi bilakatu zen. "Nik ez nuen alde egin nahi, bota egin ninduten", azaltzen zuen farrezka jokalariak klub-etik atera zen unea gogoratuz. "Noski, 599 zenbakiarena pista bat zen..." erantzun zion Robinsonek ikuslegoaren gozamenerako.

Saioa errege-kirolaren nondik norako hainbat kontuekin arraitu zuen: Argiñano eta Eneko Atxa sukaldariak jokatzera sartu zirenean, Athletic Club eta Errealeko esperientziak elkarbanatu zituzten. Atxaren kontakizunen artean, Athletic-en partida bakoitzean bi patata tortilla-ogitarteko jaten dituela, eta Argiñanoren hamaika pasadizo irrigarriekin (horien artean, behin erreal-zale amorratua izan arren, Athleticek Clementerekin liga irabaztean, garai bateko 2.000 peseta ordaindu zizkiola gazte bati ospatzerakoan inor baino bandera handiena izateko eskuetan), ez zen irribarrerik gabeko unerik izan.

Martín Caparrós, idazle argentinarrak, ikuspegi eta kontinente arteko ñabardurak eskeini zituen, itsasoaren beste aldeko futbolaren munduko bizipenak kontatuz. Haren analisiak, errealitatearen ikuspuntua ez galtzeko beharrezko autokritika ezarri zuen: "Egun, Argentina futbolisten haragiaren esportatzaile bihurtu da, bere garaian behien haragiaren esportatzaile izan zen bezala".


Oreja de Van Gogh taldeko kideekin, Atotxako zelai zaharrean, jolas eremuarengandik oso gertu eseri ezkero lokatzez zikintzen zinela gogoratu genuen. Aurrez, ordea, Robinson zaletuen gaineko istorioekin hasia zen eta kontatu zuen, bere jokalari garaian, atetik oso gertu eseritzen zen zale batek nola kritikatzen zuen fish&chips-ak jaten zituen bitartean. Jokalari eta zaletuaren arteko harremanaren une gorena honako hau izan zen: Robinson lurrera mindua erortzean, zaleak, lagundu beharrean, honela esan zion: "Michael, patata bat nahi al duzu?".

Jon Maiak eta Andoni Egañak solasaldi eder horri amaiera eman zioten, euren bertso lanak Robinson taldea liluratua utzi zutelarik.

Kornerreko saio bikaina izan zen, zalantzarik gabe; ia 2 ordu jardun zuten sukaldaritzaz, bertsoez, musikaz eta futbolaz. Ez dizuegu patata bat eskeiniko, Robinsonen zale haren moduan, baina festibalaz gozatzen jarraitzera gonbidatuko zaituztegu. Oraindik bada zer ikusi Kornerren...

Datozen egunetako agenda ikus dezakezu hemen: AGENDA.

Acento Robinson-en saio hau laburturik eskeiniko da datorren igandean, otsailak 10, 13:00ean.

Otsailaren 11tik aurrera grabazio osoa You Tubeko gure KORNER Canalean izango duzu CANAL KORNER.

Argazkiak: Real Sociedad Fundazioa