#KORNERFESTIBALA
2023ko maiatzak 18
KORNERREN BESTE EDIZIO BAT, KULTURAREN ETA FUTBOLAREN JAIALDIA

Real Sociedad Fundazioak antolatze duen kulturaren eta futbolaren jaialdiak seigarren edizioa egingo du, ekainaren 10etik 17ra bitartean..

Oscar Terolek sortutako bakarrizketa ikuskizun batek irekiko du programa Antzoki Zaharrean.

Kornerrek, Real Sociedad Fundazioak antolatuta, Donostia Kulturaren laguntzarekin, kultura eta futbola elkartuko ditu berriro seigarren edizioan, ekainaren 10etik 17ra bitartean, hiriko hainbat espaziotan.

Hitzordu berezi honek hainbat arte eta kultura diziplinaren eta futbolaren arteko harremanak esploratzea proposatzen du, eta solasaldiak, proposamen eszenikoak, proiekzioak eta erakusketak izaten ditu, baita jarduera ludikoak ere.

Jaialdiak 2018an ekin zion bideari, eta aurten seigarren edizioa ospatuko du, eta bere programan kulturak futbolarekin dituen lotura gero eta ohikoagoak eta askotarikoak erakusten ditu, gaur egun kirolaren eremu hutsetik harantzago doan fenomeno soziala izanik.

Kornerrek, halaber, sorkuntza sustatzea du bere helburuen artean. Aurten, ekainaren 10ean, larunbata, hasiko da jaialdia, Antzoki Zaharrean, Oscar Terol aktoreak horretarako berariaz sortutako bakarrizketa ikuskizun batekin: Apercibidos. Komiko ezagunaz gain, Maribel Salas eta Sergio Arrospide aktoreek eta El Pirata musikariak ere parte hartuko dute.

>Apercibidos jaialdiko Monologoles sail ezagunaren barruan kokatzen da, non futbolaren eta inguruko guztiaren alderdi desberdinak umorez lantzen baitira. Terolen hitzetan, ikuskizuna osatzen duten hiru bakarrizketek “ gipuzkoarra eta Realaren zale-sufritzailea izateak esan nahi duenaz” hitz egiten dute.

Sarrerek 18 € balio dute, eta Donostia Kulturako leihatiletan eros daitezke, baita horren webgunean (www.donostiakultura.eus) eta Kornerren webgunean ere (www.korner.eus), bihartik aurrera, ostirala, maiatzak 19, 11:30etik aurrera.

Berriro ere kulturaren eta futbolaren izen handiak ekarriko dituen seigarren edizioaren programa osoa ekainaren 6an jakinaraziko da.