#KORNERFESTIBALA
2019ko otsailak 12
Korner sendotu egin da bigarren edizioan

2.000 lagun hurbildu dira kultura eta futbola batzen dituen festibaleko jardueretara

Korner, Kultura & Futbol Festibalaren proposamena indartua atera da 2.000 lagun bildu eta interes handia sortu duen bigarren edizioan. Donostia Kulturak eta Real Sociedad Fundazioak bultzatutako programak aurrerapauso garrantzitsua izan du kultura eta futbolaren arteko harremanak hainbat ikuspuntu eta diziplinetatik arakatzeko orduan.

Real Sociedad eta Athletic Cluben arteko gizonezko eta emakumezko derbiak eta emakumezkoen futbolaren gorakada izan dira bigarren edizioko ardatz nagusiak, otsailaren 4a eta 10a bitartean hiriko hainbat gunetan gauzatu den jaialdian. Gainera, atariko polita izan zuen: otsailaren 3an Antzoki Zaharrean antolatutako Bertso Derbiaren ekimen arrakastatsuaren XIII. edizioa.

Kornerren programa osatu duten jardueretan kultura, futbola eta kazetaritza munduko izen esanguratsuek hartu dute parte: Luis Arconada, Jose Angel Iribar, Vero Boquete, Nahikari García, Aintzane Encinas, Olga Viza, Michael Robinson, Martín Caparrós, Karlos Argiñano, Eneko Atxa, Andoni Egaña, Jon Maya, Koldo Almandoz, Gari, Ana Malagón eta Kukai Dantza konpainiak jaialdirako bereziki sorturiko “Kirol legez / Fair Play” pieza, besteak beste. Guztiek futbola eta kulturaren arteko loturak eta kirol nagusiaren inguruan dauden eztabaida sozialak ekarri dituzte lehen lerrora.

Azpimarratzekoa ere XIX. mende amaierako aitzindari britainiarretatik gaur egungo eztanda gertatu arte, emakumeen futbolak izandako garapenaren berri ematen zuen “Emakumeek ere jokatu egiten dute / Ellas también juegan” erakusketa. 1.500 lagunek ikusi dute Bulebarrean. Era berean, nabarmendu ere bai festibalaren webgunean ikusgai dauden hainbat bideoren 1.200 bistaratzeak.

Izan ere, Korner.eus webgunean jarraipena izango du Kornerrek, bertan topatu ahal baitira jardueretako bideo guztiak: Arconada eta Iribarren arteko “Derbi de leyendas” solasaldia, Antzoki Zaharrean grabatutako Michael Robinsonen “Acento Robinson” irratsaioa eta “Euskal kultura eta futbola” zein “Ellas también juegan” mahai-inguruak.

Horietaz gain, webgunean irakur daitezke festibalak hiru idazleri eskatutako beste hainbeste kontakizun: Martín Caparrós, Aritz Gorrotxategi eta Galder Reguera. Bakoitzetik 4.000 ale banatu ziren Anoeta Estadioan, festibaleko jardueretan eta Donostia Kulturaren kultur etxeen sarean.

Laburbilduz, kulturaren eta futbolaren arteko harremanak beste ikuspuntu batetik aztertzen dituen programa berritzailearen bigarren edizioak etorkizuna modu baikorrean begiratzera garamatzate.