#KORNERFESTIBALA
2019ko otsailak 08
Horrela izan da Kirol Legez /Fair Play-ren entsegu orokorra

D eguna eta ordua iristear direnean, denak egon behar du prest: eszenografia, jantziak, musika eta mugimenduak.

Kukai dantza eta Real Sociedad Fundazioaren arteko hilabetetako lana izan da eta gaur entsegu orokorrean izan gara. Kirol Legez / Fair Play datorren larunbatean, arratsaldeko 18:00etan estreinatuko da Tabakaleran.

Ariketa, ikerketa hutsa izan da. Zapaltzen dugun zelaia elementu eramangarri gisa diseinatua izan da. Larunbaterako, zapaltzen dugun zorua Tabakalerako Patio aretora eraman eta bertan muntatuko da.

Jantziak, Iraia Oiartzabalek diseinatuak, lehendabizikoz dantzatzen dira dantzarien gorputzei itsatsiak. Mugimenduetako batean, "ras" entzun da. Haustura bat. Konpondu beharra dago. Horretarako dira entsegu orokorrak.

Musika aditzen da. Zigor Lamprek eta Iñaki Telleriak (DZ) ikuskizunerako musika esklusiboa konposatu eta zuzenean joko dute. Entsegua amaitzean, oraindik buruan dugu. Oso errez entzuten da.

Koreografiak espazioa betetzen du. Futboleko mugimendu guztiak atzematen ditugu: partida galdutakoan egindakoak, irabazitakoan azaleratutakoak, esfortzuarenak, talde-mugimenduak, sinkronian eginikoak, indarrez beteak, frustrazioz beteak... eta guztiak armonian, bata bestearen atzetik, abiadura handian errailetan eroso doan trena bezala.

Ikuskizunak ez du angulorik eta, era berean, guztiak ditu. 360ºtan ikus daiteke. Dantzarien perfilak eta siluetak aireratzean, zorua betetzen dute. Jantziek mugikortasuna ematen diete. Batzuetan, bira eman eta kapa txuri-urdinek aidean arrastoa uzten dute. Jantziak eranstean, nolabait, magia desagertu egin da. Kopetetan izerdia dute. Dantza amaitu da.