Real Sociedad Fundazioak ekainaren 1etik 6ra Donostian egingo den Korner Festibalaren bederatzigarren edizioa aurkeztu du, gaur eguerdian, bertan izanik Ainara Muga, Real Sociedad Fundazioko proiektu arduraduna, Mikel Chillida, Chillida Lekuko zuzendari berria, Maite Maiora, korrikalaria, eta Mikel Reparaz, kazetari eta idazlea.
Ainara Mugak Korner Festibalaren programazio anitza nabarmendu du, aurtengo edizioan zinema, futbola, mendi lasterketak eta geopolitika uztartuko dituena, futbolaren, kulturaren eta gizartearen arteko loturak bilatuz.
Edizio honetan, Korner Festibala leku ezberdinetan gauzatuko da. Hala nola, Anoetako auditoriumean, hainbat ekitaldi egingo direlarik bertan, Chillida Lekun edo baita Ernest Lluch K.E.-n ere, aurki jokatuko den Munduko Koparen oihartzun geopolitikoari buruzko hitzaldi batez gozatzeaz gain, txapelketa horren historiari buruzko erakusketa bat ikusteko aukera ere izango delarik bertan.
Munduko Kopa
Astelehenean, hilaren 1an, aurtengo edizioa inauguratzeko, Anna Boschek, Emilio Domenech Nanisimok eta Mikel Reparazek munduko txapelketak Ipar Amerikan dituen ondorio politikoak aztertuko dituzte, eta nazioarteko ordena nahastu eta munduan ezegonkortasuna areagotu duen Donald Trump presidentearen figurari erreparatuko diote.
Ostegunean, hilaren 4an, Panenka eta El Orden Mundial hedabide espezializatuen baturatik sortu den Real Politik FC podcasteko kideak izango dira. Eskainiko diguten podcast saioan, estadioetan, aldageletan eta harmailetan politika nola txertatzen den aztertuko dute selekzioen lehiaketa gorena den txapelketan.
Munduko Kopa ere protagonista izango da Munduko Ikuskizunik Handiena erakusketan, Ernest Lluchen ikusgai egongo dena abuztuarean 18ra arte. Bertan, munduko txapelketen historian zehar egindako bidaia batez gozatzeko aukera egongo da, pasadizorik sonatuenak gogoratuz eta urteek aurrera egin ahala izan duen bilakaera ikusiz.
Días de Fútbol
Asteartean, hilaren 2an, zinemarako lehen hurbilketa izango da Korner Festibalaren aurtengo edizioan Días de Fútbol filmari egindako omenaldiarekin; belaunaldi oso bat markatu zuen filma, leihatilak konkistatuz eta aktore talde paregabea bilduz. David Serrano zuzendari eta gidoilariak protagonistetako bi izango ditu alboan: Pilar Castro, zineman Altas capacidades eta telesailetan Furia estreinatu berri dituen aktore ezaguna, eta Secun de la Rosa, zeinak antzeztaldeko aktorerik onenaren Feroz Saria irabazi berri duen Superstar filmean egindako interpretazioagatik, eta 2026an leihatilak ia lehertu dituen lanik garrantzitsuenetako baten protagonista izan den: Aída y vuelta.
Chillida Leku
‘Carlos Boyero y Joxean Fernández, fútbol entre amigos' izenburupean, kulturan izen handia duten bi lagunen arteko konplizitatea transmititu nahi da: Carlos Boyero zinema kritikaria, eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria. Horien solasaldiaz gozatzea plazer bat izango da Chillida Lekuko bisita gidatuaren ondoren, ekainaren 6an, larunbatean, edizioaren itxieran.
Kirol gonbidatua: mendi lasterketak
'Kirol Gonbidatua' atalean goraldi betean dagoen eta gure lurraldean errotze berezia duen mendi lasterketetara hurbilduko da Korner ekainak 3an, asteazkena.
Horretarako, diziplina honetako hainbat korrikalari garrantzitsu bildu ditu: Sara Alonso, Malen Osa, Maite Maiora, Manu Merillase, Jokin Lizeaga eta Ekain Larreak egungo kirol gogorrenetako baterako behar den prestakuntzaz eta exijentzia fisiko eta mentalaz jardungo dute.
Mi próxima parada
Korner Festibalaren edizio honetan futbola eta literatura inoiz baino lotuago egongo dira Mi próxima parada liburuaren aurkezpenarekin, Jose Mari Bakero jokalari ohiaren eskutik, Ander Izagirrerekin elkarrizketan. Hitzaldian, Real Sociedadeko taldekide ohi eta legendek babestuko dute Bakero, hitzaldia pasadizoekin girotuz.