#KORNERFESTIBALA
2018ko urtarrilak 08
Korner: programazio osoa

Korner, Kultura & Futbol Festibalak bere programazio osoa aurkeztu du gaur. Jaialdia otsailaren 19a eta 24a bitarte ospatuko da, Ernest Lluch Kultur Etxean eta Antzoki Zaharrean.

Aspaldiko batez, kirol bat baino askoz ere gehiago da futbola. Azken urteotan batik bat, esperientzia kolektibo bilakatu da, gizartearen eta kulturaren eremu anitzenekin lotua. Horregatik, Donostia Kultura eta Real Sociedad Fundazioa elkartu egin dira Korner, Kultura & Futbol Festibala abian jartzeko. Festibala Donostian izango da, otsailaren 19tik 24ra.

Kornerrek kulturaren eta futbolaren arteko elkargune bat izatea du helburu, baita eztabaidagune bat ere bi eremuekin zerikusia duten gaien inguruan.

Solasaldiak, proiekzioak, erakusketa, proposamen eszenikoak... Programa zabala eta askotarikoa, kulturaren eta futbolaren arteko loturari ertz desberdinetatik heltzeko asmoz, betiere publiko zabal bati begira, alderdi ludikoa ahaztu gabe eta futbola kirola den aldetik hartuta, Real Sociedadekin duen loturari dagokionez, batez ere.

Kornerrek hogei parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu, horien artean kulturaren munduan nabarmentzen direnak. Solasaldietan izango ditugu Ray Loriga, Bernardo Atxaga, Carlos Zanón eta Ander Izagirre idazleak, Anari musikari eta abeslariarekin, Andoni Egaña bertsolariarekin, Aitor Arregi zine zuzendariarekin eta Manuel Jabois eta Carlos Marañón kazetariekin eztabaidan. Fultbolaren pertsona nabarmenak ere izango dira bertan, Xabi Alonso, John Benjamin Toshack eta Jorge Valdano, besteak beste.

Festibala, jarraitzeko bokazioz jaioa, Ernest Lluch Kultur Etxetik sortutako proiektu bat da, eta bertan izango dira jarduera gehienak, eta baita Antzoki Zaharrean ere.